jueves, diciembre 2

Homofobiaren aurrean EZETZA

Homofobia hitza berria da, 1960ko hamarkadakoa hain zuzen ere. Hiztegi askotan agertu ere ez da egiten (nire testu prozesadoreak adibidez ez du termino hau ezagutzen). 1972an, George Weinberg-ek honela definitu zuen hitz hau: “Homosexual batekin espazio itxi batean egoteko beldurra eta, homosexualei dagokionez, beren buruarekiko gorrotoa da”. Mark Freedman-ek homofobiaren deskribapen hau gehitu zion definizioari: “Homosexualen aurkako beldur eta amorruzko erantzun izugarria”. Audre Lorde idazlearen iritziz, homofobia “sexu bereko pertsonenganako maitasuna sentitzeko beldurra eta, ondorioz, beste pertsona batzuengan agertzen diren halako sentimenduen aurkako gorrotoa” izango litzateke. 
Definizio honek beldurra, nazka edota higuina bezalako sentimenduak eta emozioak azpimarratu egiten duten homosexualen aurkako indarkeriaren adierazpideetako bat dira. “Fenomeno hori emozioen adierazpide fobiko baten parekoa da, espazio itxien (klaustrofobia) edo zenbait animaliaren aurrean (zoofobia) sortzen den beldurraren antzekoa”. 
Azken 2.000 urteetan asko eta asko izan dira bizi diren gizarteko sexu-rolekin bat ez etortzeagatik bizia galdu dutenak. Haien jokabide homosexualaren aurkako zigorrak izugarri gogorrak izan dira askotan. Ildo honetatik, “eguneroko homofobia” deritzoguna sarritan ez da hain nabarmena izaten, batzuetan berau jasaten dutenak ere ez direlako jarrera horretaz jabetzen, baina askotan gertatzen dira eta kalte handia sortzen dute. Horien artean aurki ditzakegu harreman heterosexualen eredua pertsona guztien berezko eredutzat jotzea, berdintasun-politikoak kolokan jartzea… Hala, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen aurka agertzea gure gizartean dagoen homofobiaren eredu garbiena da (adibide bat besterik ez da, ez garrantzitsuena). 
Kontuan hartu behar da homofobiaren historian, arau heterosexualatik urruntzen direnei leporatu izan zaizkien gaixotasunen zerrenda izugarri zabala dela. Bekatariak, izurria zabaltzen zutenak, gaizkileak, ez naturalak, gaixoak, endekatuak eta aberriaren aurkakoak izatea egotzi izan zaie. Izurriak eta pozoia ekartzea eta familia, estatua, berezko ordena eta giza arrazaren jarraipena kolokan jartzea leporatu izan zaizkie. Atzo komentatutako Hiesa adibidez, gayei atxikitutako gaixotasuna izan da urte askotan zehar. 
Beraz, homofobia azaltzeko ematen den oinarrizko “arrazoia” edo “planteamendua” honakoa dela esan genezake: homosexualitatea naturala denaren kontrakoa dela. Baina, hori egia balitz, nolatan du hainbeste jendek berezko joera hori, ez soilik gaur egun baizik eta historia osoan zehar?








No hay comentarios:

Publicar un comentario